Presentación: Avances en los trabajos de exhumación e identificación de las víctimas de la prisión de Orduña
Datorren urtarrilaren 28an, memoriaren arloko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua buru dela, Castuerara (Badajoz) joango da, 2014tik Urduñako hilerrian bertako espetxean hildako presoen desobiratze-lanen berri emateko memoria historikoen elkarte, senitarteko eta komunikabidei. Extremadurako Juntarekin eta Castuerako Udalaren laguntzarekin aurrera eramaten den ekimena da hau. Orain arte egindako bi indusketa-kanpainetan (2014ko ekaina eta 2022ko abendua) aipatutako hilerritik ateratako 71 gorpuzkiak identifikatzeko helburuarekin sortu da ekimena. Dokumentazio historikoaren arabera, Urduñako espetxean hildako 225 presoetatik gehienak (127) extremadurarrak ziren, eta Castuerako espetxetik eraman zituzten. Hori dela eta, inguruko senitartekoei eta memoria historikoko elkarteei bertaratzeko dei egin zaie, bi helbururekin: batetik, orain arte gorpuzkiak berreskuratzeko egindako lanen berri emateko, eta, bestetik, gorpuzkiak identifikatzea ekar lezakeen lagin genetikoak hartzeko prozesua senitartekoei zabaltzeko. Bisitak komunikabideen aurrean aurkezpen publikoa izango du, eta bertan hitza hartuko dute Francisco Martos, Castuerako alkateak, Francisco Pérez Urban, Extremadurako Liburutegi, Artxibo eta Kultura Ondarearen zuzendariak, Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Naiara Garmendia, Urduñako espetxean hildako Bernardo Rodríguez Rincon, Campanarioko laborariaren, birbilobak. Bertan, orain arte Urduñako hilerrian egindako lanen laburpen bat emango da. Euskal ordezkaritza osatzen dute José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak, eta Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendariak. Ondoren, erakundeetako ordezkariak memorialisten elkarteetako ordezkariekin eta presoen dozenaka seniderekin bilduko dira, eta haien DNA eta aurkitutako gorpuzkiak alderatzeko egin ditzaketen urratsak azalduko zaizkie. Batzarra amaitzerakoan, Guillermo León eta Antonio López historialari eta memorialistek, AMECADEC (Asociación Memorial Campo de Concentración de Castuera) elkartearen fundatzaileek, bisita gidatua egingo dute La Gamonita-ko kontzentrazio-esparrua zegoen lekura.



