Eusko Jaurlaritzak Finlandian aurkeztuko du osasun-berrikuntzaren euskal eredua, osasunaren, ezagutzaren eta garapen ekonomikoaren eragile gisa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Iñaki Gutiérrez-Ibarluzea doktoreak abuztuaren 13an eta 14an parte hartuko du Wasa Future Festival jaialdian. Nazioarteko topaketa horrek Vaasa (Finlandia) hirian biltzen ditu erakundeetako ordezkariak, enpresak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta berrikuntzako eragileak, teknologiaren, osasunaren eta eskualde-garapenaren arloetan etorkizuneko erronkei eta aukerei buruz hausnartzeko. Bere hitzaldian, osasunaren arloko ikerketa, garapen eta berrikuntzako euskal ekosistema aurkeztuko du, eta balioan jarriko du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren mendeko egituren, Osakidetzaren, Bioefen, osasun-ikerketako institutuen, unibertsitateen, zentro teknologikoen, biosanitarioaren esparruko enpresen eta Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko gainerako eragileen arteko lankidetza. Zuzendariak nabarmenduko du ekosistema horren indarra modu koordinatuan lan egiteko gaitasunean datzala; horri esker, ezagutza sortzen da, emaitzen transferentzia sustatzen da eta herritarren osasuna eta ongizatea hobetzen dituzten irtenbide berritzaileak txertatzen dira. Era berean, azpimarratuko du inplikatutako eragile guztien arteko kohesioa funtsezkoa dela balioa sortzeko, talentua eta inbertsioa erakartzeko, lehiakortasuna indartzeko eta hazkunde ekonomikoari nahiz barne-produktu gordinari ekarpena egiteko. Gutiérrez-Ibarluzea doktoreak, halaber, I+G+Bren garrantzi estrategikoa azpimarratuko du Osakidetzaren etengabeko hobekuntzarako; izan ere, aukera ematen du irtenbide berriak garatzeko, jardun klinikoa optimizatzeko eta egungo zein etorkizuneko osasun-erronkei eraginkortasun handiagoz erantzuteko. Testuinguru horretan, ikerketa, berrikuntza eta ebaluazioa osasun-sistema aurreratu baten zutabe banaezin gisa integratzeko beharra defendatuko du: «Ikerketarik eta berrikuntzarik gabe ez dago aurrerapenik, eta ebaluazio zorrotzik gabe ez dago zuzenketarik. Osasunaren arloko euskal I+G+B ekosistema hiru elementu horiek uztartzearen garrantziaren adibide argia da, eta osasun-sistematik sustatzen ditugun jarduera guztientzako erreferentzia izan daiteke». Eusko Jaurlaritzak nazioarteko foro honetan izango duen parte-hartzeak aukera emango du Euskadik osasun-berrikuntzaren arloan metatutako esperientzia partekatzeko eta nazioartean duen proiekzioa indartzeko, zientziaren, osasun-sistemaren eta industriaren arteko lankidetzaren erreferente gisa.



